XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gatazka lazgarri hura amaitu eta handik hogeita bost bat urtera berriro azaldu zen estaziora, behialakoetan bezala trenarekin batera, gertatutakoak gertatuta ere aspaldi ikusi eta gozatutakoa atzera bizitzeko esperantzan.

Herria, baina, ez zen behialakoaren berdina.

Denbora eta berak ekarritako sofrimendua gorabehera, Amaliok lehengokoa ematen zuen, izaeraz zein itxuraz: fraka marroixka ajatu batzuk, takoi luzedun bota tzarretara iristean pittin bat zabaltzen zirenak; artilezko jertse zahar bat leporaino itxita eta, sonbreiruaren azpian, ile bakan batzuk, kixkur eta luzexkak, buruaren alde banatan eroriak, dantzan aritzen zenean eskuin-ezker mugiarazten zituenak.

Aurpegia afrontuak zimurtu eta zaildua zeukan, eta bere ezpaingaina ertzetan moztutako bibote fin batek apaintzen zuen.

Ondoko egunetan estaziotik atera gabe eman zuen denbora guztia.

Trenak iristean nasan aritzen zen kantatzen, dantzatzen eta xelebrekeriak esaten, baina bakan batzuek salbu, inork gutxik zuzentzen zion hitzik, ez eman ere lehen zurruterako eskuratzen zituen txanpon apur horiek.

Gizon-emakume adinekoekin hitzaspertu luzeak egiten zituen, halere.

Aldaketarik nekez izaten zuen eguraldiaz, Amaliok berak ongitxo ezagutzen zituen beren seme-alaba mozoloez eta, batez ere, aspaldiko denboraren xarmaz aritzen ziren.

Gainerakoetan taberna-zuloan egoten zen, kartetan, kantu eta dantzekin eskuratzen ez zuen apur hori patrikaratze aldera.

Agure batzuekin solasean ari zen batean zuzendu zitzaigun aurreneko aldiz.

Gu beti bezala ondo-ondoan (...)